Gure baitan badagiela berdintzen gaituen bakea.

MUSIKA  Angels (Enya)

GIDOIA       EBAL

Etzanda nago, begi itxita,…
Zaratak eta kezkak alde batera utzita, hondartzara doan bide batean irudikatzen dut neure burua,… aurrera egiten dudala ikusten dut, egun beroa dago, eguzkiak berotzen nau eta sentsazioa oso atsegina da.
Sentitzen dut nola sartzen ditudan oinak berotutiko hondarrean eta atsegin dut, oso sentsazio atsegina baita, oso atsegina…
Zeru urdina ikusten dut,… erlaxatzen nauen urdin koloreak inguraturik nagoela ematen du, lasaitu egiten nau,…
Itsasoko ur gazikararen usaina nabaritzen dut, baita hondarrarena ere. Hurbil dauden zuhaitzen hostoak astintzen dituen airea entzuten dut,…
Hondarrean etzan naiz eta hondar bero horrek erlaxatu egiten nau, bizkarra berotzen dit eta azukre­koskorra ur berotan desegiten den bezala desagertzen da tentsioa,…
Nire ondoan, nigandik oso gertu daude nire ikasgelako ikaskideak, hauek ere hondarrean daude etzanda. Eguzkiaz, usainez, aireaz,… gozatzen ari dira.
Zeru urdinpean, olatuen erritmoak erlaxatu egiten gaitu,…
Hostoak astintzen dituen aireak ere erlaxatu egiten gaitu,…
Eguzkiak berdindu egiten gaitu, hurbil gaudela sentitzen dugu, anai­arrebak garela sentitzen dugu,…
Zenbait minututan egoera honetaz gozatzen dut, gure arteko lotura eta elkarbanatutako lasaitasuna nabaritzen ditut,… eta ariketa amaitutzat eman ahal dugu….
Ikasgelara bueltatzean lortu dudan lasaitasunari erreparatzen diot. Nigandik gertu dauden beste ikasle batzuek antzeko zerbait nabaritu dute, elkar begiratzen dugu eta elkarrekin egiten dugu barre.
Egunerokotasunera bueltatzen gara, hala ere jakin badakigu zerbait dagoela gu konektatu egiten gaituena, gure baitan badagiela berdintzen gaituen bakea.

Idatz dezagun  
Ikaskideekin konektatu egin duzula nabaritu duzu?
Zer aurkitu duzu?
Eguzkipean guztiok berdinak gara”, zer deritzozu horri?

(“Bakearen asteari” erreferentzia egingo diogu, hauxe izango baita bakearen oinarria: guztiok    berdinak gara, elkarrekin gaude, konektaturik,…)

Share Button

Nire barruko arreta

MODALITATEA  Erlaxazioa                           Ebal

MUSIKA  Beethoven Moonlight Sonata

GIDOIA

Drainatze ariketa

Helburua: Arreta egoki erabiltzen ikastea, gorputza erlaxaturik izateko. Honen bidez erakutsi nahi da burmuina nahiz emozioak baretzeko gorputza erlaxatzeak duen eraginkortasuna.

Oinarrizko jarrera hartuko dugu

Ariketa: Itxi begiak. Imajina ezazu gorputz osoan zehar argi gorri distiratsuak dituzula. Argi gorri horiek eremu ahituak eta urduriak adieraziko dizkizute. Argi horiei kasu eginez  itzaltzea lortuko duzu. Zuzendu arreta oinei ; utzi zoruan eta duzun tentsioa askatuko da, nabaritu nola lasaitzen diren eta bertan zenituen argi distiratsuak amatzen diren.

Orain zuzendu arreta orkatilei, muskulu bikiei,… saia zaitez hankak pausatzen eta horrela bertan zeneukan trabaturik izan dezakezun edozein tentsio desagertzea lortuko duzu. Jarraitzeko zuzendu arreta gorago, adibidez aldaketan, berdin jokatuko dugu tentsioa desagerarazteko. Nabari ezazu nola nagusitzen den grabitatea zure gorputzean; argi gorri horiek amatatuz doaz.

Oraingoan sabelaldean kokatuko gara eta bertan ezkuturik dugun tentsioa askatzen saiatuko gara. Bizkarraren beheko aldean, zein gerrian kokatu arreta eta berdin jokatu tentsioa desagertzeko. Amaitzeko gorago joko dugu, koka ezazu arreta bularrean eta askatu tentsioa. Berdin jokatuko dugu  sorbaldan nahiz lepoan. Arnasa hartzen duzun bakoitzean, bideratu arreta gorputz osotik; oinetik hasi eta buruan amaitu eta bidean topatzen duzun tentsioa askatu. Nabaritzen baduzu eremuren bat bereziki nekaturik duzula nabaritzen baduzu,  adi egon eta bertara zuzendu zure arreta guztiz erlaxatu arte. Jarraitu egiten gorputza guztiz erlaxaturik nabaritu arte. Ariketa amaitzean zabaldu begiak.

Idatz dezagun

Tentsioa askatzerakoan, zein eremutan izan duzu zailtasun handiago?
Nola zaindu eta maitatu ahal dut nire gorputza?

Share Button

MANTRAK, BARNERAKO BIDAIA

MODALITATEA Mantra    EBAL

MUSIKA  Pavana

Hinduismo eta budismo bezalako ekialdeko erlijioek pertsonaren barnea hobeto ezagutzen laguntzen duten zenbait teknika erabiltzen dituzte. Horietako bat MANTRAK dira.
Mantra hitzak zera esan nahi du: “adimenaren askapena”. Beraz, mantrak gure adimena nahasten duten pentsamenduetatik askatzen laguntzen digu.Mantra bat silaba, esaldi edo testu luze batean datza. Hauek ozen irakurtzeak edota errepikatzeak kontzentrazio sakon batera eramaten zaitu.
Adibidez, Tibeteko budismoan  “om mani padme hum” mantra erabiltzen da bihotz onekoak eta errukitsuak izan nahi dugunean. “Ohm” hitz sakratua ere erabiltzea duzu, saiatu nahi duzu?
Orain ikusiko dugu nola geuk ere teknika hauek erabili ahal ditugun geure barnean, geure barneko tenpluan,  sartzeko. Tenplu horretan egonda geure burua aurkituko dugu eta lasaitasunez Jaingoikoarengana jo dezakegu.

(Oinarrizko jarrera)
– Eseri zaitez eroso eta bizkarra aulkiaren bizkarraldean ondo kokatu. Eskuak hanketan ipinita dituzularik, erlaxa itzazu zure giharrak. Itxi begiak eta burua tente izan.
– Aurreko saietan egin duzun bezala, nabaritu nola erlaxatzen den arnasketa. Erreparatu iezaiozu sudurretik sartzen den aireari., nola aire horrek zure gorputza elikatzen duen.
– Orain, begiak zabaldu gabe, “Señor, tu eres mi refugio” esaldia (edo zuk nahiago duzun esaldia edota hitza) errepikatuko duzu. Zenbaitetan errepikatu, oso astiro. Esaldi horri erreparatu; imajina ekaitz bortitz batean babesa behar duzula eta aterpe batean sartzen zarela. Bai gozo egoten dela hor barruan!
– Errepikatu esaldi hori, baina oraingoan soinurik ekoiztu gabe egingo duzu. Arnasa hartzean esaldia errepikatu, astiro egin eta zenbait minututan errepikatu. Arreta galtzen baduzu, lehen ekaitz erdian erabili duzu aterpera bueltatu eta berriro hasi.

Orain, poliki, begiak ireki eta esperientzia ebaluatuko dugu, nola sentitu garen komentatuz.

Share Button

Kutsatzen den maitasuna

MOTA Irudikapena – Begiespena

MUSIKA La Misión – On Earth as It Is in Heaven

NOLA EGIN

Erlaxazio-irudikapenerako teknika aprobetxatuko dugu Eguberriaren misteriora hurbildu ahal izateko. Kontakizuna ezagutzen duzunez, artzainetako bat izango zara. Har ezazu oinarrizko jarrera.

Irudika ezazu artzaina zarela, zerupean egiten duzula lo, baina adi, ardiak zaindu behar dituzu eta. Izarrak zeruan, hotz egiten du agian… Baina ezin duzu lorik egin, kezkatuta zaude, abailduta. Oso pobrea zara, ez zara ardien jabea, ez duzu etxerik, ezta jatekorik; jendeak gaizki begiratzen dizu, mesfidantzaz eta arbuiatu egiten zaitu… Horrek guztiak bakar-bakarrik eta triste sentiarazten zaitu gauero (etenaldia)

Orduak aurrera doaz eta lo egin barik jarraitzen duzu, baina sentipen arraro bat duzu, azaltzen zaila baina berezia den zerbait. Altxatzen zara eta ikusten duzu inguruko beste artzainak ere zutitu, hitz egin eta abiatzen direla. Haiei lotzen zatzaizkie, ez dakizue zer gertatzen ari den, baina intuizioak itxaropena piztu dizue zuen barnean eta herrirako bideari ekitera bultzatzen zaituzte

Inguruetan, herrira iritsi baino lehentxeago, jendea dago gau askotan abereak utzi dituzuen leize batean. Bikote bat da, gazteak, baina emakumea ama izan da. Pena ematen dizuete, zuek baino pobreagoak eta zuek baino baztertuagoak direla iruditzen zaizue. Horregatik hurbildu eta lagundu egiten diezue. Pozik dirudite. Erditzearen arriskua pasatu da eta dena bide onetik doa. Irria kutsatzen dizuete, gerturatu eta haurtxoaren alboan esertzen zarete. Beti lastoa botatzen duzuen aska batean dago umetxoa! Umeari begira geratzen zarete. Haurtxoa hain da hauskorra ezen samurtu egiten zaituzten eta ezin diozuen begiratzeari utzi. Bertan gelditzen zarete, umeari begira eta guraso berriekin hizketan. Gutxi hitz egiten duzue, baina oso gustura sentitzen zarete. Umearen samurtasunak eraldatu egiten zaitu. Zergatia jakin gabe, gauaren larritasuna desagertu da. Nahi baduzu har dezakezu umea besoetan. Mariak baimena ematen dizu begiradaz. Zuk, ardiak eta ahuntzak besterik ezagutzen ez duzunez, zer egiten duzu haur jaio berri horrekin besoetan? (etenaldia)

Denbora aurrera doa, aro berezia, adiezina, magikoa da, baina joan egin behar zara. Umea askan utzita agur esaten diezu. Landetara doan bideari ekiten diozu, ardiak esnatzen hasi dira. Eguna argitu bitartean urruntzen zara. Zer gertatu den, zergatik ez dakizu, baina badakizu zerbait aldatu dela zure barnean, zugan bake eta zoriontasun berriak piztu direla, itxaropenak zure beldurrak aldatu dituela. Bizia ederra dela sentitzen duzu, merezi duela, artzain hutsa izanda ere haurtxoak eta haren familiak maite zaituztela eta sentipen horrek dena aldatu du. Gogoratzen dituzu, haiekin eman duzun denbora ere bai. Sentitzen duzu haiek zugan idatzi dutena ez dela inoiz ezabatuko. Zergatia ulertu barik, altxatzen duzu begirada, besoak zeru argira eta eskerrak ematen dizkiozu Jaungoikoari behin eta berriz.

Gogoeta

Azaldu sentitu edota irudikatu duzun zerbait, ahaztu nahi ez duzun zerbait.

Bestetik, Eguberriko egunetan eszena hau gogoratzera gonbidatzen zaitugu.

Share Button

Automasajea

MODALITATEA Automasajea     EBAL

MUSIKA  Francisco Tárrega ­ Recuerdos de la Alhambra

GIDOIA

Zenbait minutu erabiliko ditugu oinarrizko jarrera hartzeko. Jarraian zehaztuko dena jarraitu ahal

izateko, premiazkoa da, zutik edo eserita egonda, bizkarra zuzen izatea. Jarrera egokiak  masajea

eraginkorragoa izatea ahabidetuko du. Halaber, gure arnasketari erreparatuko diogu eta sabeletik

egiten saiatuko gara. Has gaitezen:

­ Autoshiatsua burezurren oinarrian:  majase hau egiteko hatz lodiekin burezurra bilatu, okzipital

hezurraren ondoan; gainontzeko atzamarrak buruaren gainetik   gurutzatuko ditugu, horrela buru osoa

hartuko dugu. Ondoren, burua atzera botako dugu eta hatz lodiekin presio txikia eragingo dugu

burezurren zenbait puntutan. Hau egin bitartean astiro arnastu egin behar dugu. Zenbait segundotako

atsedenaldia hartuko dugu eta berriz ekingo diogu masajeari.

­ Masajea garondoan: autoshiatsua egiteko garondoa nahiz sorbalda igurtzi beharko ditugu, bi

eremuak alde berean. Errepikatuko dugu ondoeza desagertu eta giharrak guztiz erlaxaturik nabaritu

arte.

­ Masajea sorbaldetan: Masaje mota hau oso egokia da sorbaldak gogorturik dituztenentzat. Egiteko

lepotik besoaren hasiera arteko giharrak igurtziz  egiten da. Horretarako masajeatu nahi dugu aldeko

kontrako eskua erabili beharko dugu. Sorbaldan geneukan ondoeza arintzen dela nabaritzean, besteari

masajea emateari ekingo diogu.

Idatz dezagun

Automasajea eman ondoren, nabaritu al duzu aldaketa edota eraginik? Berehala nabaritzen al duzu

nekerik, giharrak ahiturik, buruko minik, …? Zer egiten duzu horrelako egoeretan?

Share Button

Share Button

MOTA Irakurketa – entzuketa

MUSIKA  Rene Aubry   La Grande Cascade

NOLA EGIN

Juan Mariaren astean gaude. 150 urte baino gehiago dira bere egitasmoa bere lanari jarraitzen diogun menetar askoren esku utzi zuela. Juan Maria gustura ezagutuko zintuztekeen, zuen ondoan egoteko eta entzuteko prest. Urte asko igaro dira, baina bere gutun eta idatzi asko eta asko ditugu gordeta. Ezin dugu bere ahotsa entzun, baina bai bere hitzak irakurri, gaur egun ere gauza bera esango liguke eta. Bere berbak entzuteko, bihotzetik entzuteko, “oinarrizko jarrera” hartzea proposatzen dizuet eta guztion artean berak esandakoak irakurtzea. Ados? (ikasle batek orria pasatu die besteei, beste ikasleek esaldi bana irakurtzeko).

  1. “Zerbait handia egitera deituak zarete” (JM)
  2. “Seme-alabok, zenbat maite zaituztedan!” (JM)
  3. “Maitasuna nagusi izan dadila zuen artean, alai zaitezte besteen poztasunarekin eta pairatu besteen penak” (JM)
  4. “Zuekiko dudan maitasuna ez da aldatu.” (JM)
  5. “Eutsi esperantzari etsipenaren aurrean.” (JM)
  6. “Esker onez gogoratu jaso duzun guztia.” (JM)
  7. “Zailtasun oro aukera berria da, eskertzeko altxorra.” (JM)
  8. “Itxaropena dut egunero ereindako alea haziko dela.” (JM)
  9. “Gertatzen dena gertatzen dela, ez galdu bakea, ez etsi.” (JM)
  10. “Pertsonetatik zoriontsuena izango zinateke mundu guztia apaltasunez tratatuko bazenu” (JM)
  11. “Zailtasunen aurrean beldurtzen zara eta beldur horrek areagotu egiten ditu.” (JM)
  12. “Jaungoikoa nirekin dago. Nori izango diot beldur?” (JM)
  13. “Jaungoikoak ez digu sekula ere huts egiten” (JM)
  14. “Maitatu eta otoitza erraza gertatuko zaizu; maitatu eta otoitzea izango da zure nahia, zure poza areago maitatzeko” (JM)
  15. “Zure maitasunak, Jauna, inguratu egiten gaitu alde guztietatik!” (JM)
  16. “Gehiago irabaziko duzu maite bazaituzte beldurra badizute baino.”(JM)
  17. “Ez zaitez fida txalo eta laudorio errazez” (JM)
  18. “Urreari zaion maitasunak bihotza gogortzen digu.” (JM)
  19. “Justizia bilatzen badugu, ez dago zertan beldurrik izan.”(JM)
  20. “Elkarrekin gauden bitartean indartsu izango gara, zoriontsu izango gara.” (JM)
  21. “Bihotzak memoria galarazten dien pertsona horiek ditut atsegin. Ikaragarria da ezer ere ez ahaztea.” (JM)
  22. “Batzuetan, apur bat triste zaudela, ongi egiten dizu maite dituzunen eskutitzak irakurtzeak.” (JM)
  23. “Ez zait gustatzen arreta elkarren akatsetan jartzen dutenean.” (JM)
  24. “Jesukristo ezagutaraztea eta maitaraztea, zer misio ederra! ” (JM)
  25. “Jaungoikoaren lanak gerizpean baino ez dira hazten, eta gauez jausten da ihintza zerutik”. (JM)
  26. “Esan esan behar duzuna, baina apaltasunez eta diskrezioz.” (JM)
  27. ”Izan apalak, zuen bizitzaren apaltasunagatik irabaziko duzue-eta guztien maitasuna.” (Gabriel Deshayes)

Gogoeta:

Zein esaldi nahiago duzu? Jakingo bazenu zure esaldiren bat 200 urte geroago gogoratuko dutela, zer idatziko zenuke?

Share Button

BEHAR ZAITUT

MOTA  Bistaratzea   Ebal. Hara

MUSIKA  Somewhere Over the Rainbow   Israel Kamakawiwo’Ole

NOLA EGIN

Juan Mariak bazuen gauza berezi bat, bere begirada. Begirada horrek eraman zuen hainbeste egitasmo garatzera, hainbeste jende ezagutzera, maitatua izatera eta, batzuetan, umeek, gazteek eta helduek jarraitua izatera. Bere begirada, sentsibilitate bereziko begirada. Orain bizia ikusteko eta, batik bat, pertsona bakoitza ikusteko, begirada hori ulertzeko, bistaratze bat proposatuko dizugu.
Oinarrizko jarrera.
Imajina ezazu une batez Juan Maria zarela. Bai, Juan Maria zure adina zeukalarik. Saint Maloko itsas portuko kaleetan dabilen gazte bat zara.  Ilunabarrean, itsas brisak laztantzen zaitu, hotz egiten du eta segundo batzuez itsasoari eta eguzki sartzeari begira zaude. (isilunea) … Bakarrik pentsatzen duzu… Zer polita!
Zarata batek harritzen zaitu, iraultzaile talde baten oihuak eta barreak dira. Gazte bat daramate lotuta, iraintzen dute, badirudi apaiza dela, norbaitek salatu duela eta atxilotuko dute… Hurbil zaude eta bere aurpegiak ikusten dituzu. Gaztea kezkatuta eta ikaratuta dago aldi berean eta, hala ere, bare. (isilunea) …
Ez duzu ezer ulertzen, bihotza ukabil batean sartuta duzu eta zeure buruari galdetzen diozu: Zergatik egiten diote hori? Zergatik? Jarraitzen duzu kalean aurrera amorruz eta ezintasunez… eta beste galdera bat: Eta gazte hori, zergatik jarraitzen du apaiza izaten? Zerk  bultzatu du jarraitzera horrek bere bizia arriskuan jartzen duela jakinda?
Pentsa eta pentsa, S. Maloko kale ezezagunetan sartu zara, zikin daude eta arrisku sentipena duzu. Jarraitzen duzu. Hurrengo kalean biratu eta zure adineko gazte talde bat ikusten duzu. Ez zara gerturatzen, behatu egiten dituzu, utziak, zikinak, jendea zirikatzen dute, atsekabea eta samintasuna igartzen dituzu beren aurpegietan, hutsunea eta bakardadea… (isilunea)… Zer gertatzen zaie? Nolatan daude hain triste? Beldur diezu eta atzera itzultzen zara. Hala ere, zure buruari galdetzen jarraitzen duzu. Zer gertatzen zaie? Zer egin ahal dut? Zer edo zer egin beharko dut…
Korrika etxeratzen zara, ez diozu pentsatzeari uzten, gazte gaixoak! Eta nik, zergatik daukat honen zorte ona? Katedralaren aurretik pasatzen zara, itxita dago eta iraultza gertatu zenetik debekatuta dago sartzea. Hala ere,  lehen ikusitakoaren eraginpean sartzen zara eta Jaungoikoari galdetzera ausartzen zara. Zergatik onartzen duzu hau guztia? Zergatik ez duzu ezer egiten? … (isilunea)  Gaua da etxera iristen zarenerako, baina zure barnean argi batek distira egiten du, intuizioa, galdera guztien erantzuna… “zeu sortu zaitut, behar zaitut”.
Gau horretan ez duzu lorik egiten, aurpegi guztiak biraka dabiltza zure buruan, kale bakoitzeko galderak… ilunabarra ere bai, baina batez ere intuizio hori: “behar zaitut”.

Gogoeta:

Zeure buruari galdetzera bultzatu zaituzten horrelako gauzak edota egoerak, ikusitakoak gogoratzen dituzu?
Egoera askotan gure beharra izaten dute (pobrezia, ekologia, familiaren maitasuna, ikasgelako giro ona, etorkinak, hiritartasuna, ondo prestatzeko erantzukizuna, auzoa, arazoak dituzten lagunak…)

Badago baten bat  konpromisoa edo parte hartzea eskatzen dizuna?

 

Share Button

MOTA Irudikapena

Ebal. Hara

MUSIKA  Adele   Someone Like You!

NOLA EGIN (egokitu hartzaileen adinera)

Batzuetan gure gogoa pentsamendu ezkorrek trabatuta, ez aurrera ez atzera, gelditzen da (txarto egin nuena, edo sufritu nuen bidegabekeria, edo geroago egin beharko dudana eta kezkatzen nauena, edo pertsona hura… ez dut denborarik). Behin eta berriz itzultzen dira eta, hala ere, horrek ez digu irtenbiderik erakusten, baizik eta pentsamenduak lausotu eta gero eta ezkorrago bihurtu (ezin dut, ez dut balio, ez naute onartzen, begitan hartu naute, pertsona horrek… bizitza bera…). Ezkortasun hori, oinarriren bat izan arren, areagotu egiten da eta paralizatu egin gaitzake.
Orduan geure gorputza erlaxatzea lor genezake, baina horrela bakarrik agian ez ditugu ideiak geldiaraziko. Itoarazten gaituen kontu batean pentsatzeari utzi nahi diogunean, orduan hor duzu, burutik ezin kendu.
Ariketa honek pentsamendu eta gogoeta bide ezkorrak ordezkatzen ikasteko balio lezake.
Horretarako jakin beharko genuke geure buruan ezkortasun antzu eta obsesiboaren burrunba darabilgun, segidan horri aurre egiteko.
Agian orain ez gaude horrelako une batean, edo agian ez zaizue hori gertatzen. Hala ere, geure burua kontrolatzeko trebatuko gara pentsamenduek mendera ez gaitzaten:
Oinarrizko jarreran, arreta jarriko diegu gure pentsamenduei.
Une honetan larritzen gaituen zerbait gogoratuko dugu edo kezkatzen gaituen egoera bat irudikatuko (harremanak, akatsen bat, garrantzi handiko azterketa, partida bat, beldurra, konplexua sortzen digun zerbait, hurbileko norbaiten gaixotasuna, umilazioren bat…).
Sumatzen dugu nola sentiarazten gaituen horretan pentsatzeak. Saiatzen gara ikusten pentsatu dugunak laguntzen digun irtenbidea aurkitzen ala abaildu egiten gaituen. Ea berreraikitzera, laguntza eskatzera, haztera bultzatzen gaituen edo ahuldu, haserrarazi egiten gaituen.
Erabakia hartu behar dugu: gure pentsamendu ezkorrekin jarraitu ala pentsamendu horiek geldiarazi. (hiru modu)

  1. Ohartzen dut nire barnean pizten den argia, “berriro hasi naizela” eta ASKI DA oihukatzen dut. Oihuak berak izutu egiten nau, esnarazi eta kate jasanezin hori mozten du.
  2. Ordezkatu ideia horiek amets atsegin batekin. Irudikatu zeure burua nahi duzuna egiten: oporrak, zaletasunak…
  3. Errepika iezazkiozu zeure buruari lehengo egia baikorrak (une honetan nekez ikusten badituzu ere, lehen konbentzituta zeunden hori benetakoa, posible zela). “Izan konfiantza, dena konponduko da”, “adoretsua naiz”, “erratzeko eskubidea dut”, “merezi du”, “ez nago bakarrik”, “maitasuna beti da garaile”, “balio handikoa naiz”, “zaindu egiten naute”, “honetatik ere zerbait ona aterako da”, “ezerk ez nau Jaungoikoaren maitasunetik urrunduko (Rom 8)…

Gogoeta

Gogoratzen duzu kanalez aldatzera behartu zaituen egoeraren bat? Ba al dago “egia sakonen bat”? Gogoratu eta idatzi zure ustez bene-benetakoa den esaldi bat, zuretzat eztabaidaezina den egia bat.

 

Share Button

Zure baitan daukazun bizitza-arnas hori dela eta, eskerrak eman.

MODALITATEA Ikustea EBAL

MUSIKA Claro de luna Debussy

GIDOIA

Oinarrizko jarrera.

Jarrai ezazu zure arnasketan aireak duen bidea. Hasteko nabaritu nola sartzen den zure sudur-hobietatik, jarraian zure sudurrean barrena sentituko duzu. Pixkanaka agian nabaritu ahal duzu nola aire horrek zeharkatzen duen zure ahoa eztarrira heldu arte.

Nabaritu zure gorputzean bete duen aire hotz hori; bero aterako dena.

Orain imajina ezazu kanporatzen ari zaren aire bero hori puxika batean ari zarela sartzen. Puxika hori zure inguruan handitzen ari da, esfera bikaina osatu arte. Esfera garden horrek inguratzen zaitu. Ikus ezazu, ukitu ezazu,… bere baitan eroso bezain seguru zaude.

Imajinatu ahal duzu nola esfera horren barruan zaudela,eserita, oso eroso. Bertan egonda ikasgelatik, pasabideetatik, jolaslekuetatik,… hegan zaude. Ezagutzen dituzun zenbait lekutara zoaz. Beste esfera batzuk ikusten dituzu, horietan ezagutzen dituzun pertsonak bizi dira; zure bizikideak direnak. Aztertu esfera eta aurpegi horiek. Ematen du zenbaitekin ondo moldatzen zarela, … beste batzuk zure ondoan mugitzen direla ,… zure erritmoarekin bat egiten dutenak ere badaude… (etenaldia)

Pixkanaka zure lekura bueltatzen zara. Gelditu eta zure esfera aztertu,… zenbait urratu eta zauri ikusten dituzu; baita arrail bat ere. Larritzen zara,… baina zure arnasketari erreparatzen diozu berriz. Nabaritzen duzu nola
zure barnetik bizitza duen airea ateratzen den, adore ematen dizuna. Kontu handiz zauri eta arrailen gainean putz egiten duzu senda daitezen,… nabaritzen duzu zure baitan duzun indar horrek sendatzen laguntzen dizula… (etenaldia)

Zure arnasari esker beste esfera batzuk laztandu ahal dituzu, dituzten zauriak sendatu ahal dituzu. (etenaldia)

Esfera guztiak, zurea barne, berrindartzen direla ikustean barre egiten duzu, gardenak bezain distiratsuak dira.

Zure baitan daukazun bizitza-arnas hori dela eta, eskerrak eman.

Idatz dezagun

Nabaritu eta ahaztu nahiko ez duzun sakonera handiko egia.

Share Button