Itxaropena, Gabonetako izarra

 Milioika izar zeuden zeruan. Kolore guztietako izarrak: zuriak, zilarreztatuak, berdeak, urreztatuak, gorriak eta urdinak. Egun batez, urduri, Jainkoarengana hurbildu eta esan zioten: jainko Jauna, gizakien artean Lurrean bizi nahi genuke.

Nahi duzunean, erantzun zuen Jaunak. Denak txiki-txikiak izango zarete, lurrera jaitsi zaitezten.

Gau hartan, izar-jasa ederra izan zen. Batzuk elizetako dorreetan kuzkurtu ziren, beste batzuk jolastera eta korrika ibiltzera joan ziren ipurtargiekin batera zelaietan zehar, beste batzuk umeen jostailuekin nahastu ziren eta lurra zoragarri argiztatuta geratu zen. Baina denborak aurrera egin ahala, izarrek gizonak utzi eta zerura itzultzea erabaki zuten, lurra ilun eta triste utzita.

– Zergatik itzuli zarete? -galdetu zien Jainkoak, zerura iritsi ahala.

– Jauna, ezin izan genuen lurrean geratu. Han miseria eta bortizkeria asko dago, gaiztakeria asko, bidegabekeria eta gezur asko.

Eta Jaunak esan zien:
– Jakina! Zuen lekua hemen da, zeruan. Lurra pasabide bat da, ezer ez da perfektua. Zerua perfekzioaren lekua da, maitasunarena, egiazko bizitzarena, betiko irauten duenarena…

Itzuli ziren izar guztiak kontatu ondoren, Jainkoak berriro hitz egin zuen:
– Izar bat falta zaigu. Bidean galdu ote zen?

Inguruan zegoen aingeru batek esan zuen:
– Ez jauna, izar batek gizonen artean geratzea erabaki du. Jakin zuen bere lekua gauzak ongi ez doazen tokia dela, tristura eta oinazea dagoen lekua.

Baina zein da izar hori? Berriro galdetu zuen Jainkoak.

– Itxaropena da, Jauna. Izar berdea. Kolore horretako izar bakarra.

Eta lurrari begiratu ziotenean, izarra ez zegoen bakarrik. Lurra berriro argiztatuta zegoen, izar bat baitzegoen pertsona bakoitzaren bihotzean.

OTOITZA:
Jesus jauna,
Zu maitasuna eta bizitza zara.
Jarri poza familia bakoitzean.
Haurrak izan daitezela itxaropen hazi horiek familian
Gabonetako egun hauetan eta beti. Amen.